XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai, holaxe hitzegiten du nire barruko ahotsak, eta ondorioz ikaragarri luzatzen da zerbait argitu nahi duen bakoitzean, eta ondorioz oso aspergarri egiten dira bere kontu gehienak, eta ondorioz pazientzia hartu behar da berari entzuten jarri eta marruka ez hasteko.

Ordea marruka hasita ere, berdin da, zeren ahotsa ez baita gure barrutik kentzen, ezin baita inola ere desegin.

- Ezin da desegin gure Aingeru Goardakoa delako -esan zidan behin, artean oso gazte nintzela, Bidani izeneko behi nagusi batek.

Poza eman beharko lizuke bera zure barruan dagoela jakiteak.

Lagunik lagunena izango zaizu bizitza honetan, eta bakardade guztiak sendatuko dizkizu.

Aukera bat egin beharrean aurkitzen zarela?

Bada entzun berari, berak adieraziko dizu aukerarik onena.

Arrisku latz batean zaudela?

Bada, lasai, utzi bizitza Aingeru Goardakoaren eskuetan, berak zuzenduko ditu zure pausoak.

- Sinestea libre al da? -galdetu nion nik Bidani hari.

- Bai noski -berak harro, bere nagusitasunaren gailurretik.

- Bada, barka ezazu, baina ez dizut zipitzik ere sinesten.

Zer esan behar nion?

Bera ni baino nagusiagoa zen, horretan ez zegoen dudarik, baina oso ipuin zalea ere bai nire aldean.

Aingeru Goardakoa zer den erakutsi duenik ez da oraindaino bitartean sortu eta, gauzak hola, nik nahiago dut ezezkoan egon.